XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nahiko ondo nabaritzen den bidezidorra hartzen baldin badugu, lau minutuan egongo gara Keixa mendi-gailurrean (907 m.). Pitin bat lehenago leize bat utzi dugu eskuinean. Gorago aipatu dugun bezala mendi honen mendi-ontzian Artaun izena agertzen da.

Keixa gailurretik aurrerako ibilbideari eskuinean dagoen zidorretik, nahiko pikarra, baina arazorik gabetik, ekingo diogu; bide hau, Asuntzeko sakonunea aurrean han behean duela, doa. Hiru minutu inguru ibili ondoren bidezidor hau inguru belartsu batera iristen da; hemen laurogeita hamar graduko biraketa bat eman behar da ezkerrera. Handik gutxira eskorta zaharren hormatxoak begibistan dituzten sakonuneak ikusiko ditugu geure eskuineko aldean.

Keixako gailurretik hamar minutu ingurura Ganekortara helduko gara, beste eskorta batzuen aurriak eta artzain-txabola baten beheak dauden lekura alegia. Inguru honetan guztian zehar, duela bost mila urte hasi zen artzantzaren aztarrenak nabarituko ditugu han, hor eta hemen. Mugarrarako norabidea, begibistan berehala agertuko zaigun mendirakoa alegia, hartuta ekingo diogu ibilbideari.

Bidea, orain arte gutxi igartzen izan bada ere, aurrerantzean argi-argi nabarituko da eta ez da galduko Mugarrako iturriraino. Zidor honek Legarramendiko sakonune garrantzitsua uzten du ezkerreko aldean; garrantzitsua, hantxe ageri delako oraindik pagadia babesteko egin zen harrizko hesi handi bat.

Mendizerran abeltzantzan ari direnek esan digute han zegoen pago-kopurua hain zela handia non euren gaztaroan egun eguzkitsu batean gerizpetik irten gabe joan zitekeela Artaunetik Mugarrikolandara. Gero, berrogeita hamargarren hamarkadan, ikazkintza nabarmen eta kontrolgabe bat eman zela, oihan-aberastasun guztia hondatu zuena.

Jarduera trinko hura, txondorrak egiten ziren plataformek ekartzen dute gaur gogora. Plataforma hauek, gehienak ia-ia desagertuak, biribilak eta horizontalak dira.